XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Prisaz nenbilen.

Beranduegi oheratu nintzen (liburu astunen artean pasatu neban ia gau osoa) eta horrek bere eragina dauko jagiterakoan.

Baina maiatzaren 16 ha nire bizitza guztia bideratu zeikean egun bakarra neban, zeren goiz lainotsu haretan karrerea amaitzeko falta jatan azterketaren azken konbokatorian nengoan-eta.

Ez zan txantxetako gauza.

Horregaitik, ametsen hatzaparretatik askatzea lortu nebanean, ez neban betarik izan ez bizarra mozteko, ezta ezer gosaltzeko bere.

Eskilaretatik saltoka bajatu ondoren, tximistargia bezala abiatu nintzen kalera.

Espaloietan inoiz baino jende gehiago egoan, edo behintzat hori iruditu jatan.

Atso lodien pauso baldarrak nire bidea oztopatzen ahalegintzen ziran, eta nahikoa ez balitz, barazkiz betetako boltsek laguntzen eutseen lanean.

Hareengandik urruntzea lortu nebanean, izerdi hotz batek bekoki guztia busti eustan: beharrezkoa zan karneta etxean ahaztuta itxi neban.